Enpresa Digitalak antolatutako ekitaldian izan naiz gaur Miramonen: Lego taldearen kasua: negozio eredu berria Lego Serious Play metodologiaren bidez.

Robert Rasmussen jaunak, Lego Serious Play metodoaren berri eman digu, eta baita Legok bizi izan duen krisialdiaren nondik norakoak azaldu ere.

Lego Serious Play (LSP) hau bitxia iruditu zait benetan. Talde mailan erabiltzeko metodo edo teknika bat da, eta arazo bat konpontzeko tenorean, komunikazioa eta ausnarketa sustatzea du xede. Metodo honen egileak dionez, brain storming bezalako teknikekin, ez da taldekide guztien partaidetza bermatzen, eta paretok bereak eta bi egiten ditu: gutxi batzuk (%20) ia denbora guztiaren jabe egin (%80) eta hainbat pertsonen ideiak ez dira plazaratzen.

LSP metodoa erabiliz, partaide bakoitzak bere ikuspegia azaldu baino lehen, Lego piezak erabiliz, bere ekarpena irudikatzen duen modelo bat eraikitzen du. Gero, bakoitzak, bere modeloak zer irudikatzen duen azaltzen du.

Metodo honek ere baditu bere oinarri zientifikoak, badirudi esku eta zerebroaren artean lotura estuak daudela, eta gauzak eraikitzean, sistemen ulermenean errazago egiten dela aurrera.

Txarlarekin batera, Rasmussenek, Lego pakete bana eman digu eta hiru bat ariketa egin ditugu.

Nik bonba pasatu dudala ezin ukatu. Txikitako afizioa dut Exin Castillos, Lego eta horrelakoekin jolastea, eta enpresa bezalako inguru “serio” batean nire burua Legoekin jolasten ikusteak ba du bere puntutxoa.

Torre bat eraikitzen hasi gara, gero, zoriontsu egiten gaituen zerbait eraikitzea izan da erronka eta amaitzeko, saioan entzundakoak guregan sortzen duen emozioa azalduko duen zerbaitekin saiatu gara.

 

Beti ere, egindakoa ondokoari azaltzen saiatu gara, eta azaltzerakoan, denok ere irribarre batekin hasi dugu gure jarduna… Gurean egiten den batzar batean Legokin jolasean ibili gaitezkeela imajinatzeak ere, irribarrea eragiten dit.

Gehiago jakiteko, jo hona: Lego Serious Play, Open Source Brochure

Eguneraketa, 2011.12.10

Asier Gallastegiren biez, honen berri izan dut: The GameIT Handbook, Game Based Learning