Atzokoan, susak bere liburu batzuk formatu digitalean jarri zituela jakin nuen Sustatun irakurrita. Kriston poza hartu dut, noizbait, euskal literaturaren ale elektronikoren bat erosten saiatu naizenean, arrazoiren bat medio atzera bota naiz, batzuetan kopia digitalaren prezioari gehiegizkoa eritzita eta besteetan, DRM sistemak erabiltzen zirelako.

Susaren webgunetik liburu pare bat erosi ditut:

  • Haragia, Eider Rodriguezena
  • Speed gauak, Edorta Jimenezena

Guztira, 7.08 euro. Aleko bi euro idazlearentzat, euro bat Susarentzat, eta estatuarentzat 0.54 euro, liburu elektronikoek BEZa %18 ordaintzen baitute, parezko kopiek %4a ordaintzen duten bitartean.

Nire arazo edo zalantzak ere izan ditut erosketarekin:

  1. Susaren ebooken orrira sartu eta liburu ezberdinak doan jaitsi daitezke, PDF edo ePUB formatuan. Akatsa ote da? galdetu nion nere buruari. Pentsatu nuen, liburuaren lehen orriak jaisteko modua zela, baina.. keba! oso-osorik jaitsi daitezke.
  2. Erosteko botoian sakatu, izena eman eta jaitsita nituen liburuak erosteari ekin nion. Pentsatu nuen, erosketa prozesua amaitu eta ordainketa burututa, jada jaitsita nituen liburuak jasoko nituela eposta mezu batean, baina ez… , badirudi prozesua hori dela, lehendabizi liburuak doan jaitsi eta gero, borondatez ordaindu.

Ekimena, inongo zalantzarik gabe, ona iruditzen zait, azkenean, liburuak prezio egoki batean erosi daitezkeelako eta DRMa bezalako planteamentu kaskarrak alde batera utzi direlako. Nire inguruan askotan errepikatu dut, liburuak garesti eta DRM sistemekin jarraitzen duten bitartean, ez dudala liburu elektronikorik erosiko, liburutegi batera joango naizela eta bertatik hartuko ditudala. Oraingoan liburuak modu egokian erosteko aukera izan dut eta egin dut. Pozik gainera.

Pegaren bat jartzeagatik, susaren web orriak, liburu zerrenda soil bat besterik ez du eskaintzen; ez dago liburuen laburpenik, ez bibliografiarik ez eta liburuaren azalaren irudirik ere. Eta ulertu dezaket web orri on batek garapena eskatzen duela, garapena denbora dela, denbora dirua eta zein etekin atera daitekeen ikusi arte ez gaudela dirua xahutzeko moduan. Pentsatu nahi dut “beta” moduan atera dela, proba gisa. Bigarren mailako erosle gisa sentitu naiz, besterik ez. Zer nahi duzu ba hain merke eskaintzen ditugun liburuen truke…! horrelako sentsazio bat.

Bestelakoan primeran