Hitz honekin behin eta berriz topo egiten dut azken bolada honetan. Neuromarketina. Enpresa Digitalak kurtsoren bat antolatu du honen inguruan eta berriki, Punset jaunaren redes-en ere eman dute hone berri.

Badirudi, hartzen ditugun erabakietan, emozioak duela garrantzi gehien, arrazoiaren kaltetan. Orain arte kontrakoa uste bazen ere, zerbait erosteko tenorean, gure emozioak baliatzen ditugu eta arrazonamenduak, tripetatik atera zaigun hori zuritzeko erabiltzen ditugu.

Honen jakitun, hau eta bestea saldu nahi diguten horiek, produktu edo zerbitzu bati egin diezaiokegun arrera aztertzeko, gure estalki arrazionalen gainetik salto egin eta gure emozioak monitorizatzeari ekin diote. Burua elektrodoz bete eta zerbait erakutsi ondoren, morroiaren erreakzioak grabatzeari ekin diote. Antza, test moduko galdeketak baino askoz ere fidagarriagoak dira horrela lortzen diren datuak.

Jaso ditudan bi “estimulu” komertzialen aurrean izan dudan purrustada moduko erreakzioak, arestian aipatutakoa baieztatu besterik ez dute egiten. Zuen aurrean aitortzen dut, bi aldiz ere, tripak eskatutakoari men egin eta amorrazioaren eskutik hartu ditudala erabakiak:

  1. Bizkaiko autopista kudeatzen duten kabroi horiek sortutako sasideskontu sistema ezagutzeak, autopista ez erabiltzera eraman nau. Egun batean egiten diren bidai pareak kontatzea okurritu zaie hauei, eta bidai pare hauen arabera kalkulatzen dira deskontuak. Eta badakizue, tripa-erabaki bat hartzean, koherentzia mantendu beharra dago… ez du axola Ermua eta Eibarren artean egiten ari diren obretan egunero 15bat minutu bertan kieto emateak.
  2. Euskaltelen hiru kaikuk 5Mbtako konexioa behar dudala behin eta berriz esan arren, nire 2MBtako kontratuarekin jarraitzea erabaki dut. Gehienbat, 2tik 5era modu automatikoan pasatuko zela jakinarazten zidan gutun bat jaso eta gero, total, 3 euro besterik ez. Hori bai, zure 2Mbtako kontratua mantentzeko, hartu zenbaki hau, sartu hemen, jaso posta-mezu bat eta baieztatu zuk eskatutakoa ondorengo estekan klik eginez.

Enfin, amak barka diezadala hainbeste eskola jaso eta gero, gauzak erabakitzeko orduan testosteronari garunari baino kasu gehiago egitea.