Asteartean izan genuen spinning monitore berriarekin lehen saioa. Eta aizue, sinesgaitza bada ere, euskara hutsean! Ez dut esango spinning saio bat komunikazio handiko gertakizun bat denik, baina tira, bere puntua badu gora, behera, atzera eta erabiltzen diren hitz apur horiek euskaraz entzuteak.

Gaur izan dugu bigarren saioa, eta bere txirringan ipurdia jarri baino lehen, suge-gorri-hile-horia monitorearen aurretik pasa da eta zertxobait esan dio. Ez dut esandakoa entzun baina argi dut “yo no hablo vasco” bezalako zerbait izango zela. Oraingo saioan, aurrekoan ez bezala, euskara eta gaztelera tartekatu ditu nire heroiak.

Markagailuan 1-0 galtzen nindoala ikusita, kontraerasora pasatzea otu zait; saio amaieran, nire heroiari gerturatuko natzaio eta euskararen aldeko autua egin izana goraipatuko diot. Eta agian, hurrengo saio batean, suge gorriarena egingo dut eta saio hasieran “nik ez dakit gaztelerarik” esango diot monitoreari.

Horretan nengoela, markagailua berdintzeko asmotan, saio amaieran egiten ditugun luzaketetan suge gorriak maniobra berri bati ekin dio: monitore berriari hirugarren gradoa ezarri dio: bere jakin-nahi mugagabea asetzeko, galdera castellano andana luzatu dio nire heroiari: “¿y dónde trabajas?, “¿volverás otro día?” eta abar. Eta hemen, markagailua klon-klon-klon hazi da bere alde. Esparru publikoan ez dut zer eginik, ezin dut mari-txutxumutxu horrekin lehiatu.

Panorama ezaguna: oso komunikazio behar txikia dagoen aktibitate batean, gehiengo batek euskara ulertzen du. Erabiltzen diren hitz gutxi horiek euskaraz botatzen badira, taldeko elebakarrak berea egin eta gaztelera gailentzen da apurka-apurka.