Eibarren

Bi seme-alaba zaharrenak etxetik kanpo daudela probestuz, Eibarrera joan gara arratsalde pasa, seme txikia lagun. Corte Inglesean shoping apur bat eta Untzagaraino zabaldu berri duten pasealekua ezagutzea da plana.
Twitterren galdera bota dut: non jan daiteke zerbait Eibarren? Erantzuna azkar etorri da; @txargainek hiruzpalau leku proposatu dizkit eta @garalozak, Eibarko bokata-lekuak eskaini dizkit mapa txukun batean. Erantzunarekin eskakizuna ere egin du @txargainek: “Gero kontatu esperientzia!

Erosketa batzuk egin eta gero, Untzagara doan pasealekua hartu eta Bossa tabernaren terrazan jarri gara. Ez da bereziki taberna polita, kaleak ere ez ditu txoratzeko bistak baina…

Kontrastez josia dago lekua. Corte Inglesen aldera, pasealeku polit eta modernoa aurkituko duzu eta aurrez-aurre eskora batzuekin doi-doi mantentzen den etxe zahar baten egurrezko fatxada. Betiko txikiteroak errondan, neska-prestu-modernoak arropa dendako poltsaz gainezka, euskaraz erantzun ez arren, eskatutako dena ulertzeko gai den tabernaria, jateko zer dagoen begiratu beharrik ez duen betiko bezeroa “ponme una hamburguesa mundial” eskatzen…

Sandwich begetala, 4 gaztadun pizza bat, 3 kafe eta kaña bi hartu ditugu. Sandwicha “korrekto”, pizza oso ona eta kafea -Maite aditua da kafe kontutan- paregabea.

@eastigarragarekin topo ere egin dugu bertan. “Twitter ez dut ikusi gaur eta ez dut jakin hemen egongo zinenik” bota dit… eta bete-betean asmatu, (ia) dena kontatzen baitugu.

Twitter ez da negoziotarako


Horrela mintzo zen neska bat batzar baten ondoren izan genuen hitz-aspertuan. Nik ados ez nengoela esan nion, eta adibide pare bat ere eskaini nizkion: @FagorIndustrial eta @mugaritz

Atzokoan, mysql-rekin izan nuen afera baten berri eman eta gero, segituan jaso nuen ezezagun baten “gomendio” bat:

@agonirena If you’re looking 4 DB/SQL projects you can do online, check out this service http://proj.li/bgXKBx Cheers.

Hau negozioa ez bada…

Eskua eman didazu

L.ren etxean eman duzu arratsaldea. Txaletetan bizi da L., karreteraz bestalde dagoen txalet multzoan.
L.ren amari esan bezala, 8ak inguruan agertu naiz zu jasotzera, eta gehienetan bezala, txalet artean erdi galdua ibili naiz eta kotxea behar baino urrunago utzi dut.

L.ren etxean txirrina jo, bere aitarekin hitz pare bat trukatu eta kalera atera gara, labirintoan barna berriz ere kotxe bila. Espaloitik gindoazela, eskua eman didazu, eta horrela, inor oinez ibiltzen ez den kaleetan aurrera egin dugu kotxea aurkitu arte.
Pentsatu dut urte batzuk barru ez didazula eskua emango, eskatu egin beharko dizudala… eta aurrerago, oihu ere egingo didazula horrelakorik eskatzeko atrebentziarik egiten badut.

Baina gaur eskua eman didazu, eta zorion betea sentitu dut une batez.

GTD

Ez da kotxe modelo bat, denbora kudeatzeko metodo bat baizik. Getting Things Done-en akronimoa. David Allen-ek asmatu zuen, eta ondoren, enpresa bat sortu zuen honen inguruan, bere kontsultoria, liburu, material eta guzti.

Enpresa Digitalak antolatua, honen inguruko ekitaldian izan naiz Miñaon: GTD Erremintak: denbora antolatu ezazu eta emankorrago izan zaitez.

Allenek, bere metodoa proposatzen duenean, gure buruak nola funtzionatzen duen hartzen du kontuan. Gure burmuina ekintzarako dago egina, ez gauzak gogoratzeko. Beraz, metodo honek bideratzen duena zera da: burua gogoratu beharrezkoez hustu eta ekintzan jartzea.

Ataza zerrenda bezala egituratzen diren erretilu batzuen kudeaketa da metodoaren muina. Hasiera batean, buruan ditugun “gauza” guzti horiek, sarrera erretiluan jarriko ditugu. Sarrera erretilua prozesatzean, bertan dauden gauzekin, sekuentzialki,  zer egin erabaki beharko dugu: egiteko ezer ez duten gauzak alboratu, eta zeregina eskatzen duten gauzak delegatu, segituan egin edo beste erretilu batzutara mugitu.

Zerbait egiteak bi minutu baino gutxiago eskatzen baditu, zuzenean egin eta “gauza” hori alboratu egingo dugu. Denbora gehiago behar badugu, beste erretilu batean utziko dugu. Metodologiak, sarrera erretiluaz gain, honako hauek proposatzen ditu:

  • Segituan egin behar diren gauzen erretilua
  • Beste norbaiten akzioaren zain dauden gauzen erretilua
  • Noizbait, egin beharko diren gauzen erretilua.
  • Gauza batek akzio bakarra baina gehiago behar baditu, proiektu bakoitzeko erretilu bat sortu daiteke.

Gauzak prozesatu ondoren, sarrera erretilua hustu egingo dugu eta segituan egiteko erretiluan dauden gauzak burutzen hasiko gara.

Azkenik, norberak nahiago duen maitasunarekin, erretilu guztietan dauden gauzak berrikustea gomendatzen da. Berrikuspen honetan, gauza edo atazak, erretilu batetik bestera mugituko ditugu eta egindako gauzak sistematik aterako ditugu.

Etengabeko prozesuan mugituko gara:

1. Gauza berriak sarrera erretilura

2. Egin beharreko erretiluan dauden atazak egiten jardun

3. Ataza berrikuspena, non atazak erretilu batetik bestera mugituko ditugun.

Metodo hau aurrera eramateko ez da zertan euskarri informatiko baten beharrik. Miñaoko ekitaldian, papera, karpeta eta erretilu fisiko ezberdinak erabilita erakustaldia egin du hizlariak.

Tresna informatikoak gomendatzeko garaian, Remenber The Milk tresna izan da solid-rock-it enpresako Angel Lafuentek gomendatu duena. Web aplikazio bat da eta hainbat sakeleko gailu edo egutegi sistemarekin bategiteko bertutea du.

Eta bukatzeko, zenbait esteka:

Demokrazia Ekonomikoari buruzko II. Topaketa transnazionala

Arrasaten izan gara gaurkoan, demokrazia ekonomikoaren inguruan antolatutako topaketan.

Bertan jorratutako gaiak, izugarri intesgarri egiten zaizkit. Lanaz aritu gara, antolaketaz, pasioaz, soberaniaz, kudeaketa ereduaz eta abar. Eta baita kooperatibetaz, kooperatibak, demokrazia ekonomikoa bideratzeko formula bat izan daitezkeelako.

Nik bizi izan dudan esperientzia kooperatiboa nahiko xelebrea da: Alecopen eman nituen nire lehen urratsak; “mes currau, mes cobraú” esaten genuen. Sasi -bazkide bilakatzeko, lehen hilabetetan, gure soldata urriaren zati bat ekarpen gisa sartzen genuen enpresan. Gero, Olandixoko maldan gora LKSen izan nintzen baina han ere ez zen giro, ikasle-bazkidea bainintzen. Idekon lanean nengoela, Ortza enpresaren bazkide egin ninduten. Jada itxita dagoen enpresa naparrean ez naiz sekula izan. Egun Danobat Taldean egiten dut lan Goitiko bazkide gisa, bigarren mailako kooperatiba batean. Honek esan nahi du, kooperatibaren jabegoa beste enpresa batzuen esku dagoela. Beraz, “nire” enpresan egiten diren asanbladetan, gonbidatu huts bat besterik ez naiz.

Enpresa handi batean lanean beraz, eta nire lantokian hartzen diren erabakietan parte hartzeko aukerarik gabe. Kuriosoa bada ere, Arrasateko kooperatibetako jenderik apenas ez da izan topaketan, aspaldian, kooperatiben arrasto sozial eta ideala galtzen ari direla asko entzuten den arren.

Hizlarien artean hauek nabarmenduko nituzke:

  • Grupo Cooperativo de las Indias Electrónicas-eko Manuelek, osatu duten egitura kooperatiboaren berri eman digu. Kooperatiban sartu nahi duen norbaitek bertan egin behar duen ibilbidea ere azaldu digu. Nabarmendu du, bertan ez dagoela lanposturik, lanak eta pertsonak baizik eta saiatzen direla, hautagaiek, bere ibilbidean, hainbat lan ezberdinetara bideratzen, “pluriespezialista” bilakatzen.
  • Aitor Otxoa ikasleak LEINN-en berri eman digu, eta lan egiteko dituzten modutaz aritu zaigu, “learn by doing” aipatzen zuen berak. Aularik ez, teoria justuan eta esperientzia eta proiektu asko.
  • Julen Iturbek, enpresa irekietaz aritu da eta biltzen ari diren hainbat kasu errealen berri eman digu. Beste mundu bat posible dela, egun, ohikoak diren kudeaketa ereduen alternatibak badirela.
  • Jon Sarasuak, Bagara proiektuaren berri eman digu. Leniz bailarak zer gizarte mota izan nahi duen pentsatzen dabiltza eta autogestioa sustatuz, hainbat ekimen jarri dituzte martxan hainbat esparrutan. Nik uste dut gure begietan dirdira sortu dutela bere hitzek.
  • Pablo Aretxabalak GBE-NER -en berri eman digu. Hainbat enpresatan ezarri dituzten aldaketak erakutsi dizkigu

Bazkal aurretik eman zen elkarrizketan, ekintzailetasuna (emprendizaje esateko aurkitu dudan hitza da) dela eta, gaur egun ematen diren arazo batzuk aipatu ziren:

  1. Oso jende gutxi batzen dela ekintzailetasunaren inguruko jardunaldietan, eta batzen direnak, gehienbat, gizonezkoak direla.
  2. Gizarteak ez duela ekintzailetasuna sustatzen, aldiz, obedientzia bultzatzen duela, konformismoa, eta hau nabariago dela emakumeen artean.
  3. Ekintzaileak, bere lana inkonformismotik abiatzen duela.

Bazkal ondoren, topaketako partaide euskaldunok, txoko batean, Euskal Herriko kooperatibismo eredua izan dugu hizpide, eta honi segida emango dion lantalde bat sortzeko ideia ere azaldu da bertan.

Elkarrizketa amaitu baino lehen, ospa egin behar izan dut eta bertan utzi ditut @teketen, @birasuegi, @aurbieta, @ketari, @iptx eta beste guztiak.

Topaketa honetan entzun ditudan gauzetatik, hausnartu beharreko gauza pare batekin gelditzen naiz.

  1. Nola bultzatu daitekeen gurea bezalako enpresa handi batean, pertsonak hainbat lan egiteko gaitasuna, egun bizi dugun espezialitatearen aurrean.
  2. Gizarteak ekintzailetasuna nola bultzatu edo uxatzen duen inguruan hausnarketa egin.

Investic-eko iruindar katxondo pare batekin izan naiz bazkaltzen, eta hau idazten ari naizen ordenagailu deskatxarratuari shift teklak salto egin dion momentu justu honetan, katxondo horietako batek esan duena darabilt buruan bueltaka “me he comprado un mac porque a nivel de hardware no tiene rival…”.

MONDRAGON, urak handi

Oharra: KOOP elkartearen bozeramailearen izena ezkutatu egin dut. Bere izena hemen agertzea beretzat kaltegarri izan daitekeelakoan. Beraz, bere izen-deituren ordez XXX YYY ZZZ agertuko da. Halaber,  bere egungo lanpostuaren berri ematen duen testua ere ezabatu egin dut.

Badirudi, MONDRAGON taldean dena ez dela intsentsua. Nire laneko posta helbidean, “KOOP elkartea” delakoaren aurkezpen gutuna jaso dut. Hurrengo lerroetan, gutuna itsatsiko dut eta ondoren, gutunaren egileari igorri diodan erantzuna.
Jarraitu irakurtzen →

Historia bakarra ezagutzearen ondorioak

Lagun batek eman dit, Chimamanda Adichie idazle nigeriarraren berri. TED webgunean ikusi ahal izan dut bere hitzaldi bat, bertsio bakarren arriskuen inguruan.
Istorio bakarrak direla eta, bururatu zait, pertsona eta enpresek, interneten nola ikusi nahi gaituzten erabakitzen dugula, hau edo bestea erakusten dugula, gure errealitatearen zirrikitu estua edo zabala, gure istorio bakarra edo gure hainbat errealitate.
Enpresen kasuan, euren burua aurkezterakoan, ohikoa izaten da zirrikitu estu bat bakarrik zabaltzea eta horrekin uste izatea enpresaren ospe ona lau haizeetara zabalduko dela. Askotan, gainera, zirrikitu horrek ez du apenas desberdintasunik izaten beste enpresek erakusten dutenarekin: oraindik ere, “misión, visión y valores” bezalakoak erruz aurkitzen dira sarean.
Errealitateak aurpegi asko izaten ditu eta bakarra erakusteak (benetakoa denean ere), mesede baino mesfidantza gehiago sortzen duela iruditzen zait, erraza baita horrelakoetan pentsatzea, erakusten duguna baino gehiago ezkutatzen dugula.

Enpresa txiki eta ertainaren estrategia Interneten

Aste honetan, Donostian, Miramonen izan gara Enpresa Digitalak antolatutako kurtsoan: “Enpresa txiki eta ertainaren estrategia Interneten”, Julen Iturbe eta David Sánchez Bote artisauen gidaritzapean. Kurtsoan erabilitako aurkezpena, hemen duzue eskura.

Kurtsoak, interneten egoteko erabakiaren hausnarketarako lagungarria den metodologia bat eskaintzen du. Julenek berak, bere blogean, kurtsoaren aurkezpena eta kurtso amaierako ondorioen berri ematen du.

Gure enpresan, gida honen erabilpena erabili ahal izateko, buru mapa bat egitea erabaki dut. Free mind erabili dut sortzeko eta nahi duenak jaitsi ahal izateko, hona igo dut.

Oso kurtso baliagarri eta gomendagarria egin zait, interneten egotea erabakitzeko orduan, hausnarketarako hainbat bide eskaintzen dituelako. Kurtsokide batzuek aipatu zuten egitasmo honetan erabilgarri diren aplikazio eta tresnen aurre-ezagutza bat beharrezkoa ikusten zutela. Nik uste dut, internet erabiltzeak, tresnak ezagutzera eramaten gaituela, eta internet ezagutzen ez duenak, zaila izango duela kurtso honetan aipatzen diren hainbat kontzeptu ulertzea.

Kurtsoan behin eta berriz errepikatu den ideia bat izan da gauzak pausuz-pausu egin behar direla, bizitzako hainbat ataletan baliagarri den ideia: leku berri batera sartzen garenean, hitz egin aurretik entzun egin behar dela eta, liburu bat idatzi aurretik, beste batzuen liburuak irakurri behar direla.

Gure enpresarako asmoan ere, pausuz-pausuko eskema horretan, gure web 1.0-a ondo eraman arte, nekez saiatu gaitezke beste gutizia batzuekin. Beraz, gurerako, helburu hauek identifikatu ditut kurtsoan:

  1. Produktu katalogoaren eguneraketa bermatzea.
  2. Hainbat esparrutan ematen diren ekintzen komunikazioa (feriak, aurkezpenak, lortutako eskaerak)
  3. Zerbitzuen sustatzea, (LTZ, mantenuak)
  4. Berrikuntza bultzatzeko, sare sozialen parte hartzea bultzatzea.

Kurtso honetan, hainbat esparruetan lan egiten duen jendea batu gara; esaten den bezala: “bakoitza ama batena”. Batzuk, aniztasun hau oztopo ikusten badute ere, nik aberasgarria aurkitzen dut. Kirol esparruaren berri izan dugu, eta baita Errumania apur bat gehiago ezagutu ere. Kuriosoa naiz eta… zer egingo diogu ba?

Grupo Cooperativo de las Indias

Ez nuen ezagutzen, post honen izenburuan agertzen den ekimena: Grupo Cooperativo de las indias. @jmongeloskek eman dit honen berri. Egitura kooperatibo bat duen enpresa / komunitate bat da, baina enpresa “normal” bat baino dezente gehiago ere bada.

Enpresa normal bat ez dela ohartzeko, nahikoa da sarrera pare hau irakurtzea:

Bereziki probokatzailea berriz, ethos indianoa eta Por qué no deberías trabajar en una empresa cuyas ideas no compartes. Niretzat erabat berriak diren kontzeptu batzuk ere oso interesgarriak egin zaizkit: plurarquia, principio de indiferencia.

Ez dut eduki guztia irakurtzeko denborarik izan baina, seguruenik, datozen egunetako irakurgaiak, indiano hauen artean emango ditut.

Intsumisoak paseoan

Agape jatetxean gaude, Bilbon, martxoko ostiral gau batean. 17 urte pasa dira jada laurok urtebete Basaurin eman genuenetik.

Orduan ezagututako jendeaz ari garela, Manuk esan du Natxo ikusi duela berriki. Natxoren dohainetako bat da lau hitzekin liburu batek adina gauza esatea. Eta oraingoan ere ez digu hutsik egin. Natxok dio, urteak behar izan dituela bera antimilitarista ez dela ohartzeko, bere hitzetan: “a mi, lo que no me gusta es que me manden”.

Epaiketak ditut gogoan orain, nola janzten nuen soldaduskara ez joateko erabakia sekulako parafernalia antimilitaristarekin. Eta uste dut, Natxok bezala, funtsean nire arrazoi sakonena, berak aipatu arrazoia zela, ez dudala gustuko aginduak jasotzea.

Bataz eta besteaz ari garela, ordu biak eman ditu. Bilboko alde zaharrera abiatu gara baina txoko guztiak isten ari dira. Hitz eta putz, udaletxe atzetik, Etxeberria parkera abiatu gara, izarrak lagun.

Horrela despeditu dugu gaba, espetxeko patioan egin ohi genuen bezala, paseoan.

Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 Unported
This work is licensed under a Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 Unported.